XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Har dezagun, esaterako, perpausaren zatien saila: Zertan oinarritzen da izenetan, izenondoetan eta abarretan bereizturiko hitzen sailkapena? Linguistikoa ez den oinarri guztiz logiko baten arabera egiten al da, gramatikaren eremuaz kanpotik aplikatuz, Munduko bolan luzera eta latitudea aplikatzen diren bezalaxe? Edo hizkuntzaren sisteman bere lekua duen, eta, gainera, hizkuntzak baldintzatua dagoen zerbaiti dagokio sailkapen hori? Hitz batez, errealitate sinkronikoa al da?

Ziur asko bigarren modura izango da, baina lehen irizpideari ere eutsi diezaiokegu. ces gants son bon marché perpausean bon marché izenondoa al da? Logikaren aldetik, zentzu hori du, baina ez dago hain garbi hala dela gramatikaren aldetik ere, zeren bon marché-k ez baitu izenondoek bezala jokatzen (aldaezina da, inoiz ez da izenaren aurrean ezartzen eta abar); gainera, bi hitzez dago osatua.

Baina perpausa zatietan bereizteak balio badu hizkuntzaren hitzak sailkatu ahal izateko, nolatan egokiaraziko diogu zati horietako bati hitz multzo bat? Alderantziz ere, ordea, ez dugu adierazpide hori ondo ulertzen, bon izenondoa eta marché izena direla esaten badugu.

Beraz, hemen zuzena edo osoa ez den sailkapena dugu; hitzak izenetan, aditzetan, izenondoetan eta abarretan bereiztea ez da ezin uka daitekeen hizkuntza errealitate bat.

Hala, hizkuntzalaritza, gramatikalariek landuriko kontzeptuez baliatzen da etengabe, kontzeptu horiek benetan hizkuntza sistema osatzeko balio duten faktoreak diren ala ez jakin gabe. Baina, nola jakin? Eta mamuak baldin badira, zein errealitate jarri behar zaie buruz buru?

Ilusioak alde batera utzi nahi baditugu, lehenik, etsi-etsiak egon behar dugu ez zaizkigula berez ageriratuko hizkuntzaren entitate konkretuak. Baina entitate horiek atzeman nahi baditugu, erreala denarekin hasiko gara harremanetan; eta hortik abiatuz osatzen ahalko ditugu hizkuntzalaritzak, hari dagozkion gertaera guztiak ordenan ezartzeko beharrezkoak dituen sailkapen guztiak.

Bestalde, sailkapen horiek entitate konkretuez besteko oinarri baten gainean finkatzea, esaterako, diskurtsoaren zatiak hizkuntza faktoreak direla, kategoria logikoei dagozkielako esatea, ahaztea da ez dagoela hizkuntza gertaerarik, elementu esanguratsuetan banaturiko gai fonikoaren mendeko ez denik.

C. Azkenik, paragrafo honetan landutako nozioak, funtsean, ez daude oso urruti balioak izena eman diogun horretatik.